
Laburreko zenbakia: 02/2022
2020ko EHSSren Liburu Zurian identifikatutako gako garrantzitsuak
2020ko Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Liburu Zurian[1] Euskadiko Hirugarren Sektoreko (aurrerantzean EHSS) diagnostikoaren datu nagusiak jasotzeaz gain, sektorea osatzen duten alderdi edo dimentsioetan sektorearen gogoeta-elementu nabarmenenak lantzen eta sektoreak bere aurrean dituen elementu nagusiak identifikatzen saiatu gara.
2019ko datuen analisiarekin batera, 2020ko Liburu Zuriak sektorearen erradiografia argia eskaintzen du, 2020ko martxoan sartu zen covid-19ren pandemiaren aurreko sektorearena. Hori dela eta, pandemiatik eratorritako krisiaren aurreko diagnostikoa da. Hala ere, hartatik atera daitezkeen gogoetek, beste txosten batzuetan landu ditugun beste gogoeta batzuekin osatuta[2], aukera ematen dute EHSSko erakundeentzat baliozkoak diren eta erakundeek partekatutako erronkak identifikatzeko.
Aurreko txosten labur batean, erakundeen nortasunarekin eta jarduerarekin lotutako erronkei heldu zitzaien, eta, honetan, EHSSko erakundeetako pertsonen egoeraz eta baliabide ekonomikoez arduratuko gara.
EHSSren erronkak, pertsonen ikuspegitik

2014-2019 aldian, gora egin du erakundeetako lantaldeak osatzen dituzten pertsonen bolumenak, bai profesionalenak, bai boluntarioenak. Soldatapeko langileak 2.618 gehiago izan ziren (35.907tik 38.5259ra) eta boluntarioak 33.396 gehiago (125.203tik 158.599ra). Hala eta guztiz ere, erakundeen jasangarritasun soziala (2015eko Liburu Zurian adierazi zen) erronka da oraindik ere. Erronka horren barruan sartzen dira gizartean parte hartzeko moduetan gertatzen diren aldaketak, erakundeetako belaunaldi-erreleboa eta herritarrak erakundeekin lotzeko modu berriak edo desberdinak Horregatik, erakundeek herritarrekiko lotura bultzatu beharko dute, konplizitatea bilatu, gizartearen parte-hartzea mobilizatu eta bideratu, pertsonak eraldatzeko lanean integratzeko.
Erakundeen iraunkortasun sozialak berekin dakar, alde batetik, pertsonen eta haien balioen eta nortasunaren arteko lotura, eta, bestetik, erakundeek herritarrekin, lurraldearekin eta beren gizarte-oinarria elikatzen duten gizarte-taldeekin duten gizarte-lotura.
Pertsonen lotura eta konpromisoa agerian geratu dira gizarte-larrialdiko aldian: ordaindutako langileen entregak eta profesionaltasunak, eta boluntarioen hurbiltasunak eta inplikazioak hala berresten dute. Erakundeetako zuzendaritzak profesionalak zaintzen saiatu da, lan-ildo berriekin, birkokatzeekin, laguntzak sortzearekin eta abarrekin.
Bestetik, erakundeek gizarte zibilarekin duten lotura bizirik eta bizkor mantentzeak indartu egiten ditu sektorea eta haren zilegitasun soziala. Eta, gainera, bi norabidetako ezagutza eta konfiantza sortzen ditu, non erakundeek eta herritarrek elkarri eman eta elkar elikatzen duten. EHSSa pertsonengandik hurbil dagoen gizarte-eragile bat da, eta aukera ematen die gizartea eraldatzeko, eta gizarte solidarioago eta bidezkoago baten alde lankidetzan aritzeko. Eta horrek EHSS eragile sozial garrantzitsutzat hartzen laguntzen du.
Iraunkortasunak boluntarioen eta ordaindutakoen parte-hartzea sustatzea ere badakar (pertsonei baterako sorkuntzarako eta elkarlanerako espazioak eskaintzea proiektu partekatu batean), eta partaidetza gizarte-eraldaketara bideratzea (gizartean garrantzitsuak diren erantzunak sortzeko).
Lehen esan dugun bezala, gora egin du EHSSn boluntarioen eta ordaindutakoen kopuruak, modu desberdinean bada ere: ordaindutako pertsonen kopuruaren hazkundea proportzionalki handiagoa izan da boluntarioena baino. Sektorean boluntarioen eta ordainpeko langileen arteko egituraketa berri bat dagoela erakuts dezake honek. Zentzu horretan, bi erronka daude:
- Batetik, sektorearen nortasuna mantentzea eta, horretarako, boluntarioen garrantzia onartzea eta boluntarioak erakundearen proiektuaren parte bihurtzea.
- Bestetik, bizi-estiloaren eta parte hartzeko pauta sozialen aldaketak ulertzea, eta herritarrekin konektatzeko bide berriak bilatzea, erakundeen jarduera gerturatuz eta erakundean parte hartzeko bide anitzak eskainiz.
Parte-hartze sozialaren jardunbideak eta adierazpenak aldatu egin dira azken urteetan. Nagikeria solidarioaz edo partaidetza likidoaz hitz egiten da. Horiek agerian uzten dituzte jarraibide berriak; parte-hartzea materializatzen ari da eta, ondorioz, boluntariotzaren kontzeptua bera birpentsatu behar dute erakundeek, eta parte-hartze sozialaren antolaketaren eta bilakaeraren gainean hausnartu behar dute. EHSSko noizbehinkako boluntariotza nabarmen hazi da azken urteotan, eta lotura esporadikoagoa eta likidoagoa du (noizean behin hainbat erakunderekin kolaboratzen du, bakar batekin lotura estua izan beharrean, eta parte hartzeko bide berrien bidez: online sinadurak biltzea, crowdfounding-etan ekarpenak egitea). Badirudi bizi-estilo berriek, dagoeneko, ez dituztela sustatzen parte hartzeko modu hain egonkorrak eta denboran hain iraunkorrak.
EHSSren erronka da gizarte-partaidetzaren adierazpen eta praktika berriak ulertzea eta erakundeetan txertatzea, parte hartzeko moduak bilduz: zenbat denbora ematen duten eta zenbat denboraz egiten duten, nola parte hartzen duten, zer zeregin betetzen duten, etab. Era berean, erakundeek erronka bat dute aurrean: boluntariotza-profil desberdinei balio-proposamen desberdinak eskaintzea, batez ere noizbehinkakoenei, likidoenei, eta aldaketa horietara egokitzea. Horretarako, malguagoak izan behar dute, irekita egon eta parte-hartze soziala gidatzeko modu berriak bilatu, arinagoak eta anitzagoak. Hala, parte-hartzea zerbait jarraitua dela ulertu behar da, eta parte-hartze maila aldatu egiten dela egoeren, bizitzako momentuen, konpromisoen eta abarren arabera.
Ordaindutako pertsonen bolumenaren hazkundeari dagokionez, badirudi hazkunde hori ibilbide jakin bateko erakundeetan gertatu dela; izan ere, erakunde horiek, gutxienez aurreko hamarkadako krisi-etapa partzialki gaindituta, pertsona gehiago sartu ahal izan dituzte beren lantaldeetan. Puntu horretan, erronka da ordaindutako pertsona berriak erakundeeiaktiboki lotzea, haien balioak eta misioa partekatuz, antolaketa-kultura eta haien nortasuna transmitituz, eta, aldi berean, sartzen diren pertsonen jakintzak eta egiteko moduak biltzea, proiektuan parte har dezaten. Hau da, identitatea transmititzeko, sortzeko eta elkarrekin eraikitzeko espazioak izatea.
Erakundeetako pertsonen azterketan garrantzitsua den beste gai bat argi eta garbi identifikatzen den joera bat da: sektorearen feminizazioa. Hirugarren sektorearen jarduera pertsona eta kolektibo kalteberak zaintzera eta laguntzera bideratuta dago, eta gehienbat emakumeek egiten dute, profesionalek zein boluntarioek. Genero-rolen esleipen kulturalaren ondoriozko joera hori areagotu egin da azken aldian. Zaintza-lanak antropologikoki eta sozialki emakumeekin lotzen dira. Ondorioz, emakumeak gehiengoa dira zaintzarekin lotura estua duten sektoreetako (esaterako, sektore hau) pertsona okupatuen artean: gizarte-zerbitzuak, osasuna…
Emakumeak beti izan dira gehiengoa EHSSko erakundeetan. 2014 eta 2019 urteetako EHSSren datu konparatiboen arabera, joera hori indartu egin da: emakume gehiago daude modu boluntarioan edo soldatapean lanean, kulturalki emakumeen jardueratzat jotzen den jarduera honetan. EHSSren barruan hausnarketa sakona egitea eskatzen du gertaera horrek, eta zaintzari eta zaintza-lanak egiten dituzten pertsonei balioa ematearen erronka jartzen du mahai gainean; gehienetan emakumeek egiten dituzte zaintza-lanak familietan, erakunde edo instituzioetan eta gizartean.
Historikoki ikusezinak izan diren zaintzak funtsezkoak dira gizartea ugaltzeko eta ekonomikoki garatua, solidarioa eta kohesionatua den gizarte bat elkarrekin sortzeko. COVID-19aren krisiak zainketen garrantzia nabarmendu du, eta horiei balioa ematera gonbidatzen gaitu, bai gizartean, bai lanean, eta gizarte inklusiboagoa eta guztion onerako izango dena eraikitzeko ahaleginean izan behar duten espazio zentrala ematera.
Bestalde, gobernu-organoetan emakumeen presentziak ere gora egin du, neurri handi batean erakundeen konpromisoak bultzatuta. Dena den, emakumeek ardura-postuak eskuratzeko muga gehiago dituzte gizonezkoek baino, eta ildo horretan lan egitea funtsezkoa da oraindik ere, emakumeek postu horietan duten presentziak koherentzia handiagoa izan dezan boluntariotzaren eta ordaindutako langileen artean duten pisuarekin.
Lan-baldintzei dagokienez, oraindik ere beharrezkoa da hirugarren sektoreko enpleguaren kalitatea eta egonkortasuna bermatuko dituen lan-esparrua. 2008ko krisiaren ondoriozko lanaren prekarizazioak hirugarren sektoreari ere eragin dio, eta aldi baterako kontratuak handitu egin dira 2014tik (nahiz eta kualifikazio handiko sektorea izan). Pandemiak kaleratzeak, aldi baterako lan-erregulazioak eta lan-ordutegien aldaketak ekarri zituen, besteak beste, eta lan-baldintzen ondorioei adi egon beharko da.
Aldiz, zerbitzu-zorroa finkatzeak eta soldata-hitzarmenek soldatak eta lan-baldintzak hobetzen lagundu dute.
Azkenik, belaunaldi-erreleboa aipatu behar dugu: erakundeen kezka bat da nola beteko diren erretiratzen diren pertsonek utzitako hutsune profesionalak, batez ere kudeaketa- eta zuzendaritza-erantzukizuneko postuetan. Belaunaldi berriek, beste logika eta egiteko modu batzuekin, kohesio-, partaidetza- edo erantzukizunen banaketa-prozesuei dagokienez, erakundearen kultura oinordetzan hartu beharko dute, eta erreferentziazko esparru berrietan birplanteatu.
EHSSren erronkak, baliabide ekonomikoen ikuspegitik

Oro har, azken urteetan ikusten da nolabaiteko egonkortasuna dagoela finantzaketan, bai eta finantzaketa publikoak eta pribatuak erakundeen aurrekontuetan duten pisu erlatiboan ere. Hala eta guztiz ere, jasangarritasun ekonomikoa indarrean jarraitzen duen erronka da EHSSn. Aurreko hamarkadako lehen urteetan bizi izandako krisialdia kolpe gogorra izan zen erakundeen jasangarritasun ekonomikoarentzat. Pandemiak sortu duen ziurgabetasuna gehitu behar zaio horri. Hala ere, EHSSren egituraketak eta administrazio publikoarekin lankidetza- eta ituntze-harreman egonkorrak formalizatzeak, eredu mistoaren aldeko apustu argia eginez, egonkortasun-esparruak sortzea ahalbidetu dute.
Bestalde, kanpo-baldintzatzaile batzuei heltzeak (batez ere administrazio publikoarenak) erakundeen iraunkortasun ekonomikoari lagun diezaioke; adibidez, laguntza ekonomikoetarako izapideen eta epe-kronogramen arintzea bereziki garrantzitsua da erakunde txiki eta ertainentzat, finantzaketa publikoarekiko mendekotasun handiagoa baitute
Halaber, finantzazio-iturriak gehiago dibertsifikatzeko bidean aurrera egin behar da oraindik ere. Finantzazio propioaz harago (hau ere hainbat formularen bidez ezar daiteke), finantzazio pribatuak ere aukerak eskain ditzake. Dena den, erakunde askorentzat oraindik ere zaila da finantzazio-iturri berriak identifikatzea edo horietara gerturatzea. Aztertu beharreko estrategietako bat enpresekiko lankidetza-harremana da, win-win formuletan, enpresek eta erakundeek elkar lagundu eta aberastu ahal izateko. Beste aukera interesgarri bat Europako finantzaketa da, beste berrikuntza-eragile eta -prozesu batzuekin lankidetzan aritzeko aukerak ematen baititu. Gutxi aztertu den aukera da, baina aukera asko ditu (bai finantzaketari dagokionez, bai lankidetzari dagokionez)
[1]Liburu Zuria 2020 egiterik ez genukeen izango galdetegiari erantzun dioten 370 erakunde baino gehiagoren parte-hartze eskuzabalagatik izan ez balitz. Gure eskerrik onenak guztiei. Eskertzen ditugu, halaber, aditu-talde batekin eta Sareen Sarearekin egin genituen kontraste kualitatiboko bi uneak. Hemen eskura daiteke txostena: https://repositorio.3seuskadi.eus/wp-content/uploads/LibroBlanco_DEF_2019-2020_es-comp.pdf
[2] Zehazki, Covid-19aren eragina Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeetan txostenari buruz ari gara. Lehen Txostena, 2020ko apirila Txostena hemen eskura daiteke: https://repositorio.3seuskadi.eus/wp-content/uploads/Informe_COVID_19.pdf






